Thursday 27 November 2008


1988. urtean, Euskal Gobernuak kirol klubei buruz atera zuen lege dekretua zela eta, TOLOSAKO ADISKIDEOK KIROL ELKARTEA (T.A.K.E.) sortu zen, saskibaloi mundura soilik zuzenduriko kluba. Ordurarte, herriko saskibaloia garai desberdinetan izan zen indarrean, iraupen aldakor batekin eta TOLOSA C.F. eta ESCUELAS PIAS ikastetxearen babesarekin, batik bat.
Urte batzuk lehenago, 80. hamarkadaren hasieran, Eskolapioetako ikastetxearen inguruan saskibaloia indar handia hartzen hasi zen, eta lehen aldiz, senior mailako taldea atera zen, orainarte irautea lortu duena aurreko saiakeretako gorabeherei aurre eginez. Tolosako saskibaloiak, indarrean zegoen legediari egokitu zitzaionetik, hazkunde azkarra jasan zuen. Urte gutxitan, gazteen belaunaldiek parte hartzaileen kalitate eta kantitateak gora egitea ekarri zuen eta ondorioz, lehen igoerak lortzen hasi ziren, 90. hamarkada arrakastaz beteriko garaia izatea lortuz. Horrela, 89/90 denboraldian Autonomika Mailara igoera lortu zuen taldeak. 94/95 denboraldiko Lehen Maila Nazionalerako igoerak saskibaloia Eskolapioetatik ateratzea beharrezko bihurtu zuen eta Berazubiko Udal instalazioak hartu zituen. Ondorioz, Tolosaldeko gazte guztiei ateak zabaldu zitzaizkien klubaren baitan aritu ahal izateko.
Oraingo hamarkadaren hasieran, Tolosako saskibaloiak krisi logiko bat jasan zuen, hausnarketa sakon bat eta borondatezko jaitsiera bat eragin zituena, oinarri oinarriko mailatik hastera behartuz 02/03 denboraldian. Harrobia alde batera utzi zen eta horren eragin zuzena partehartzaileen kalitate eta kantitatea jeistea izan zen. Ondorioz, berriro ere harrobiaren aldeko apostua egitea erabaki zen eta, talde nagusia bere kaxara utziz, gazteei eman zitzaien lehentasuna. Lan neketsu eta geldo honen fruituak ateratzen hasi dira, zuzendaritza harro sentiarazten dutenak eta saskibaloi eskolaren sorkuntzan amaituko dutenak. Ahalegin honen ondorioz, senior taldeak 04/05 urtean Autonomika Maila berreskuratu zuen eta urteoro handitzen doa harrobiko taldeen kopurua, klubak entrenatzaile gaituak lortzeko egin duen esfortzuaren ondorioz. Igoera honekin batera, Berazubiko instalazio zaharkituei agur esateko garaia iritsi zen eta Usabalgo Kiroldegi berrira joan zen taldea, non azken bi urteetan hazkuntza garrantzitsu bat jasan duen klubak, senior taldeak, pastelari azken ukitua eman dion Lehen Maila Nazionalerako igoera kontutan hartuz 06/07 denboraldian.

No comments: