Wednesday 28 October 2009

FREESTYLE MOTOCROSS INTERNAZIONALA



FREESTYLE

Back flip, tsunami, whip… Zer diren horiek? Illunbeko zezen plazan ikusi ahal izango diren jauzi batzuen izenak. Pilotuek motorrekin irudi ederrak marraztuko dituzte airean.

Jauzi harrigarriak, soinu eta argi joko ikusgarriak, zarata... Freestyle Motocross Internacional Movistar showa ziurtatuta dago abenduaren 29an (19:00etan). Donostian egiten den urteko motor ikuskizun handiena zezen plazara helduko da aurten ere, hutsik egin gabe.

FlyGroup Motorclubak antolatzen du, eta talde horretako kide den Patxi Larreak argitu digunez, «aurten ere ekitaldian ariko diren pilotuak punta-puntakoak izango dira, baina aurtengo denboraldian egundoko maila erakusten ari diren bi nabarmenduko nituzke: Dany Torres espainiarra eta Tom Pages frantsesa». Berrikuntzei dagokienez, «aurten quadak izango dira, eta backflip egiten, arrisku handiko atzerakako saltoak egiten ahaleginduko dira»

Larreak aipatu duenez, urte guztian jarduten dute lanean ekitaldi hau behar bezala prestatzen. «Kontratuak itxi, babesleak topatu, zezen plaza ondo prestatu...». Besteak beste, Illunben ikuskizunerako behar den hare guztia sartzeko pare bat egun behar dira, eta beste bat dena ateratzeko.

Aurreko bi edizioetan 10.000 ikusle bildu izan dira Illunben. Oraingoan ere betekada eta ustekabeko handirik ez izatea espero du Larreak. «Iaz, ekitaldia hasi baino minutu batzuk lehenago, ikusleek egitarauekin hegazkinak egin eta pista paperez bete zuten». Pilotuentzat arriskutsua litzateke era horretan salto egitea, «baina zorionez, hasi aurretik dena garbitzeko beta izan genuen, eta dena uste bezala atera zen, arazorik gabe»

INDUSMAKINAK, KAMIOIAK, MALDAK JARRI…

Illunbeko zezen plaza behar bezala prestatzeko, 80 kamioi ibiltzen dira aurrera eta atzera lurra eramaten. Barruan, berriz, bi indusmakina dabiltza kamioiek ekarritako lur hori guztia ondo jartzen, zirkuitua osatzen, pilotuek jauziak ondo egin ditzaten. Ondoren, hiru malda jartzen dira motorren freestylerako eta beste bat quadentzat, eskatzen dituzten babesekin eta iragarki taulekin. «Argien eta soinuaren hiru trailerrek, berriz, zezen plazaren kolorea hamar bider aldatzea ahalbidetzen dute. Horrez gain, babesteko lasto fardoak, hesiak, parte hartzaileen motorrak, iragarki taulak… eramateko kamioiak erabiltzen dira. Lan handia egin behar da», azaldu du Patxik.

Motorrentzat, 25 metrora Big Air izeneko bi malda jartzen dira eta Kicker izeneko beste bat 13 metrora. «Big Air maldan 10 metroko altuera har dezakete pilotuek eta Kickerrean, berriz, 12 metro, Quaden malda, aldiz, 11 metrora jartzen da eta 9 metroko altuera har dezakete». Behin ikuskizuna amaituta, dena jasotzen eta desmuntatzen hasten dira. «Normalean -dio Patxik-, zezen plaza astelehenerako, goizeko lehen ordurako dena jasota geratzen da, eta orduan ekiten diote saskibaloiko pista jartzeari»

No comments: